XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pobre bezala bizi izan zarelako, zorionak, Santitxu.

Zure buruan plangintza eta asmoak, irrikak eta nahiak badaude ere, jakin duzu bizikidetzan partaide zintzo izaten, zurea inori inposatzeke.

Hemen aitortu duzu txirotasunaren ikuspegi zabala: norberaren maila, sine propio moldatzea; elkartekoa, jabegoaren elkarbanatzea; gogo-maila, besteekiko irekia izateko jarrera espirituala; giza-politiko maila, ez edukitzea pobreekin elkartzeko, solidarizatzeko, denok elkarrekin abiatuz gizarte anaikorrago eta zuzenagorantz.

Menpeko bezala bizi izan zarelako, zorionak, Santitxu.

Zuzendari eta Anaien esanetara adi egon arren, jakin duzu, ebanjelioaren arabera menpeko izatea, askatzen eta altxatzen duen Jainko Aitarekiko leial izaten dela.

Eta horrela izanik, zapalkuntzagatik nahitaez menpeko izan behar dutenekin hurbildu zara.

Garbi jokatu duzulako, zorionak, Santitxu.

Liluratu zaituen Jesusen antzera bizi nahi duzu, Erresuma eraikiz.

Ez duzu nahi andre batekin sendi bat osatu.

Baina andreari uko egiten badiozu ere, ez maitasunari, ordea.

Ez zara ezkonduko, maitasunari hesia jar ez diezaiozun.

Hala diozu, bederen.

Lasalletarren artean elkarrekin eta talde izanez bizi nahi duzulako, zorionak, Santitxu.

Denon egitasmoa aurrera eraman nahi duzu zure ikasleen artean.

Horien erdian kolega legez ikusten duzu zeure burua.

Zure agintea, hurbiltasuna; zure boterea, irribarrea.

Orain arte makalenak, arloteenak, eskasenak... kidetzat hartu dituzu.

Zein alegereki iragan dituzu orduak tailerrean zuk deituriko forjo-ekin.

Leialtasunez eta sormenez nola elektrizitate praktikak hala erlijio ikasgai erakargarri bihurtu ohi dituzu El Campanario eta Gurrión-entzat.

Zintzo eta leial jokatu duzulako, zorionak, Santitxu.

Anaidian irauteko zinitza egingo duzu.

Hori ez da errealitatearen islada bat baino.

Arina zara eta guztiz errime, zalu eta iaioa.

Mugimenduan oreka gordetzeko trebea zara....

Hor dago leialtasunaren koxka.

Zeren biziera honetan ez baitugu murrailak igo behar, giltzarriak baizik.

Erresumaren eraikuntzan Lasalletar Anaidian leial izateko uneoro gauzatzen den egitasmo berriari jaramon egin behar zaio, aldioro erantzun berriak sortuz, aldez aurretiko aurrikuspenei uko eginez.

Zurekin beste batzu bizi izan dira, Santitxu, baina zuri bakarrik idazten dizut, zeu bait zara gauza euskaraz ulertzeko.

Nolarebait landu duzu gure hizkuntza, baina ez etsi euskaldun peto-petoa izan arte.

Herri batean eta herriaren zerbitzari izateko jaioak gara.

Gure bizitzan bihur bekigu egia J. J. Rousseauk adierazi zuena: Herria maitatzeagatik zeuen burua goratzen duzuen horiek, La Salleko Kristau Eskoletako Anaiak pasatzen ikustean koadratu eta pasatzen utzi: iragaten ari den herria berbera dira!.

Santitxu, gotzaiek kargua hartzean euren agintaldirako motto edo slogan-a hartzen dute.

Arrotz bazaizu ohitura hori, naturzale ikaragarri izaki, ongi dagokizun bat proposatzen dizut.

Joannes XXIII.arena da (zoriontsu izan, hoberena bilatu eta utz itzazu txolarreak txorrotxioka).

Ikusi arte, Santitxu.